- Zer da?
Espezializazio profesionala edo ikerketa egiteko titulazioa da.

- Non ikasten da?
Unibertsitateetan bakarrik, publikoetan eta pribatuetan. Ikastetxe homologatuetan ere bai.

- Iraupena
Urte bat edo bi (60 edo 120 kreditu).

- Prezioa
832 eta 3.012 euro artean urteko matrikula, unibertsitate publikoetan.

- Zer dira "atribuzio" profesionalak?
Gradu-ikasketak bukatu eta gero lanbide batean lan egiteko aukera da.
Hala, fisioterapeuta, podologoa, logopeda, Haur Hezkuntzako maisu/maistra izan ahalko duzu, lanbide horri dagokion gradua bukatzen duzunean.

Alabaina, zenbait lanbidetarako, beharrezkoa da MASTER titulua.

- Zer lanbidetarako egin behar da masterra?
  Hiru aipatuko ditugu:
* Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra:
   Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskolak emateko.
* Abokatutza Masterra
   Abokatu elkargokide gisa lan egin nahi dutenentzat.
* Ingeniaritza Masterra
   "Goi-mailako" ingeniari gisa lan egiteko.

- Ikus ditzagun orain ingeniaritzak.
Oraingoz, Hezkuntza Ministerioak lanbide hauek arautu ditu lege bidez:

* Aeronautikako ingeniari teknikoa.
* Nekazaritzako ingeniari teknikoa.
* Basogintzako ingeniari teknikoa.
* Industriako ingeniari teknikoa.
* Meatzaritzako ingeniari teknikoa.
* Ontzigintzako ingeniari teknikoa.
* Herri-lanetako ingeniari teknikoa
* Telekomunikazioetako ingeniari teknikoa.
* Topografiako ingeniari teknikoa.

Eta horietako bakoitzaren barruan, espezialitateak: mekanikoa, elektrikoa, elikagaietakoa
Berriro diot lanbideak dira, lanpostuak. Ez dira lehen tituluak zirenak.
Lanbide horietan lan egiteko, profilaren arabera lanbide horretarako trebatzen duen ingeniaritza-gradua ikasi behar da.

- Zer ingeniaritzatarako egin behar da masterra?
Lanbide hauek ere lege bidez araututa daude:

* Aeronautikako ingeniaria.
* Nekazaritzako ingeniaria.
* Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria.
* Industriako ingeniaria.
* Meatzaritzako ingeniaria.
* Mendi-ingeniaria.
* Ontzigintzako eta ozeanoko ingeniaria.
* Telekomunikazioetako ingeniaria.

Lanbide horietan lan egiteko, masterra ikasi behar da, baina ez edozein, baizik eta masterrak duen izenaren, ematen duen trebakuntzaren eta abarren arabera lanbide jakin horretarako gaitasunak bermatzen dituena.

- Adibide honekin, hobeto ulertuko duzu

Industriako ingeniari gisa lan egiteko, hau da, "proiektuak sinatu" ahal izateko, "Industriako Ingeniaritza Masterra" ikasi behar da, izen zehatz hori duen masterra, alegia.
Eta master horretara sartzeko, gradu aproposena "Industriako Teknologietako Ingeniaritza" da. 
Beste gradu batzuk eginda ere, adibidez, ingeniari mekanikoa, elektronikoa, kimikoa, automatika eta elektronikakoa edo ehungintzakoa, sar zaitezke, baina trebakuntza-osagarri batzuk beharko dituzu. 
